XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) berriak irakurrita, inguruan zeuden turista askok herrira txangoa egitea erabaki zuten.

Berglundtarren dendan jo eta ke ari ziren den-denak.

Turista guztiek nahi zuten denda famatu hartatik zerbait eraman.

Postalak bukatzen ari ziren.

Airetik ateratako Ringaryden ikuspegia, Selanderschen landetxea ere agertzen zenekoa, lehena izan zen agortzen.

Suhiltzaileen etxekoak baino ez ziren gelditzen, eta horiek ere bukatu ziren azkenean. Aita-amak juxtu-juxtuan zebiltzan.

Jendeak argazki-makinak atera eta gaztetxoei erretratua egin nahi zieten: Jonasi batez ere.

Baina hau jaiki gabe zegoen oraindik.

Ulertzeko modukoa zen, hainbeste lanen ondoren.

Gurasoen erretratua egin zezaketen, horren ordez.

Telefonoak etengabe jotzen zuen.

Egunkariek deitzen zuten, irrati eta telebistek.

Jonasek esana utzi zuen inorentzako ez zegoela; Annikak, beste horrenbeste.

Amak disimulatu egin behar izan zuen, eta etxean ez zeudela esan.

Apurka-apurka nekatzen hasi zen.

Hankek ez zioten jada eusten!

Pozten zen, jakina, negozioa hain ondo joateaz, baina nekagarria zen.

Eta ez zeukan Annikaren laguntzarik.

Gehien behar zuenean, dendatik desagertu eta ezkutatu egin zen.

Jonasek ohean segitzen zuen, muzin keinuarekin, gurasoak lanean etengabe ari ziren bitartean.

Amak hasperen egiten zuen.

Haserretzen hasia zen.

Halako hanketako mina zeukan...!

Ezin zion gehiago eutsi.

Egoera hura bukarazi behar zuen.

Bere seme-alabak ospetsu egin ziren, baina ez zuten agertu nahi.

Baina muga bat dago edozertarako!

Hura bezalako egun batean, Annikak lagundu egin behar zuen.

Eta Jonasek kasu egin behar zien turistei, azken finean, berarengatik etortzen ziren eta.

Ausarti, eskaileran gora egin zuen.

Baina bide erdian gelditu zen.

Goiko solairuan irratia jarrita zegoen.

Une hartan albiste-saioa ematen zuten eta bere seme-alabez ari ziren.

Ama entzuten geratu zen: Adituek diotenez, orain aurkitutako estatua kopia bat da, artista ezezagun batek zizelkatua.

Hau da, suediar haritzez egindako faltsifikazio bat, segur asko hemeretzigarren mendearen hasieran egindakoa.

Zutikako emakume bat irudikatzen du.

Noizbait zerra batez ebaki zuten erditik, eta gero ostera ere elkartu zituzten erdiak irudi bakarra osatzeko.

Jatorrizko estatuaren berririk ez da.

Adituek diote aspaldi desagertutzat jo behar dela.

Gaur egun herrialde osoan hain ospetsu diren Ringarydeko neska-mutikoen aztarna, zera gertatu da azkenean....

Amak ez zuen gehiago entzun nahi! Eskaileran gora egin eta irratia itzali zuen.